XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11. MOGEL

HERRI EUSKARA, EREDU

Juan Antonio Mogelek berak ematen digu gai hau aurrekoekin lotzeko aukera bere Nomenclator... liburuan.

Honako hauek esaten ditu liburu horren sarreran:

- Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako euskalkien hiztegi zabalago bat egingo duela, akaso, horietan argitaratzen diren liburuak guztientzat ulergarri izan daitezen.

-Hasitako lanek, denboraz, lortuko dutela heldutasuna, izan ere, Larramendi handiak hasi zuen lanak, lotan egon gabe, jarraipena izan balu, gure hizkuntzak emanak izango zituzkeen hainbat urrats.

-Bizkaitarrek eta nafarrek egin gabe dutela beraien gramatika eta gipuzkoarrek ere hala egongo zirela, Larramendi trebe eta ausartak gure hizkuntza preziatu bezain zokoratuaren alde lanik egin ez balu.

Euskal herrian egiten diren euskara mota guztien ardura du Mogelek.

Guztiak dira beharrezko euskararen osotasun eta aberaztasunerako.

Herriak darabilen euskara, euskaraz bizi den herriaren euskara aintzat hartzea da lehen urratsa.

Mogelen iritziz, beraz, guztiok geure txokotik irten eta beste euskalkietan ikasiz osatuko dugu hizkuntz gorputza.

...Benetan txalogarria Mogelek opa zuen euskara. Euskaran ez dago zertan hitz berriak asmatu, lehenak jasotzeke direla, behintzat. Euskara aberastu nahi duena, doala baserririk baserri, herriz herri eta euskalkirik euskalki; hor aurkituko ditu euskararen mamia, bizkortasuna, hitz ezezagun eta gainerakoak, euskararen giharra... (J. San Martin)

Ekologista batek, desagertzeko zorian dagoen animali edo landare mota bat zaintzen duen bezalako arretaz eta maitasunez ari da Mogel Euskararekin.

Aurreko mendean Larramendik eta Kardaberazek bezala, lanerako deia egiten die hizkuntza lantzen saiatzen ez diren nagiei.

Horretarako, nekazaritzatik hartutako irudi polit bat erabiltzen du: Alperren soluak beti egongo dira bedar txaarrez betiak.

ARGITARATZEKO ZAILTASUNAK

Giro politikoak ez zuen asko laguntzen, hala ere, euskal liburuak argitara eta zabal zitezen.

Napoleonen gerrak zirela, fraile eta apaizen aurkako jazarpen eta atzerriratzeak zirela, geroago karlista gerrateak, dena zen oztopo eta traba.

Horregatik, liburu asko ez ziren bere garaian argitaratu, baimen faltaz, eta badira oraindik argitaratu gabeak ere.

...Ezpairik gabe, Mogelen lehenbiziko lana, 1800.urtean Iruiñean argitaratu zuena da: konfesio eta komunioko Sakramentuen gañean erakasteak... Lan hau argitaratzeko baimena lortzea asko kostatu zitzaion; batez ere Nafarroako Consejo Real-ean trabak jarri zizkioten; Baina Mogelek zer egin zuen? Madrilera jo.